Sekuentzia didaktikoetan, ordubeteko zenbait ariketa garatuko dira. Ariketa bakoitza, gainera, aparte ere garatu ahal izango da. Hartara, irakasleek zer gai eta ariketa landu nahi duten aukeratu ahal izango dute. Malgutasun horri esker, irakasleek askoz errazago jorratu ahal izango dituzte gaiak.
Sekuentzia didaktikoek fitxa tekniko bana izango dute. Bertan, honako hauxe azalduko da: sekuentzia bakoitzaren helburuak, zer curriculum-arlotan dagoen txertatuta, ariketen azalpen laburra, ezaugarri teknikoak eta terminoen glosarioa.
Errazago erabili ahal izateko, sekuentzia guztien egitura bera izango da:
Sarrera. Ariketetan landuko den gaiaren esparru orokorra.
Ariketak. Proposatutako ariketa bakoitzaren azalpen praktikoa.
Baliabideak. Informaziorako estekak eta beharrezko on line tresnak atal honetan egongo dira eskuragarri.
Ebaluazioa. Ikasleek eta irakasleek euren lanaren ondorioz sortutako produktuak ezagutu eta ebaluatu egin ahal izango dituzte.
AUZOKIDE BERRIAK 11 eta 14 urte bitarteko nerabeen artean xenofobia eta arrazakeria saihesteko heziketa-proposamena da. Ekimen honen euskarri nagusia komiki bat da. Komikiaren orrialdeetan, neskek eta mutilek pertsonaia eta istorio desberdinak aurkituko dituzte, eta horiek guztiek hiritartasunaren balioei, migrazio-prozesuei eta kulturarteko bizikidetzari buruzko gogoeta egiteko gonbita egingo diete.