Documento sin título
 
 
Es | Eu | En | Fr | twitter  
   
cabecera

 

Noticias
Etorkinekiko konpromisoaren aldeko ituna, abian
Imanol Zubero

Fecha: Noviembre 08, 2011 | Fuente: Berria

Etorkinekiko konpromisoaren aldeko ituna, abian

Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du Immigraziorako Itun Soziala idatziko duen adituen batzordea

Etorkinen gizarteratzeari eta bizikidetzari buruzko ikuspegi bateratua bilatzeko bidean, «gutxieneko konpromisoa» lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen artean. Horretarako, Immigraziorako Itun Soziala eratzeko prozesua abiatu du. Martxan jarri du Daniel Innerarity filosofoak eta Imanol Zubero soziologoak gidatutako adituen batzordea, itunaren dokumentua idatz dezan

«Orain inoiz baino garrantzitsuagoa» da horrelako zerbait bultzatzea, Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburuaren ustez. Jaurlaritzaren datuen arabera, 145.000 etorkin daude egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanleriaren %6,6, eta kanpotik heldutako beste 35.000 lagunek daukate Espainiako nazionalitatea. Haien harrera eta gizarteratzea ez ezik, bizikidetza, aniztasunaren kudeaketa zein lan eta gizarte eskubideen berdintasuna landu behar dituzte politika publikoek, Zabaletak azaldu duenez: «Etorkinak ez dira besteak gure artean. Guztion partaidetzaz egiten ari garen Euskadiren eraikuntzaren parte dira».

Bada, ikuspegi aldaketa hori gauzatzeko «erreferentzia esparrua» izango da ituna. Batetik, etorkinen gizarteratzean lan egiten duten erakunde publikoen arteko lankidetza ezarriko du, bestetik, «gizarte maila guztietan konfiantza giroa bultzatzeko» helburua izango du, eta horrekin batera, gizartea mobilizatzekoa eta inplikatzekoa

Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak zuzenduko du ituna sortzeko prozesua, baina adituen batzordea arduratuko da oinarri estrategikoak ezartzeaz. Innerarity eta Zuberoren ondoan, izen ezagunak bilduko dira lan talde horretan: Elo Mayo gizarte langilea, Jose Angel Cuerda Gasteizko alkate ohi eta abokatua, Lucia Martinez Odriozola kazetaria, Xabier Aierdi Ikuspegiko zuzendari ohi eta soziologoa, Amelia Barquin kulturarteko hezkuntzan aditua, Javier Galparsoro EAEko CEAReko presidente eta abokatua, Norma Vazquez psikologoa edota Maya Amrane bitartekaria.

Hala, gizarte mugimenduen arteko «eztabaida, elkarrizketa eta eraikuntza kolektiboko parte hartze prozesu» gisa proposatzen du Jaurlaritzak ituna: «Euskal gizartean bizikidetzaren aldeko aldaketa martxan jarriko du paktuak». Horretarako, testuak hiru ardatz nagusi izango ditu. Lehenengoan, immigrazioak ekarritako erronkak eta aukerak aztertuko ditu. Bigarrenean, herritarren eskubideak, kulturarteko bizikidetza eta gizarte kohesioa bermatuko dituen «etorkinen gizarteratze eredu» baten berri emango du, gizarte eragileek eta erakundeek adostu ondoren. Hirugarrenean, gizarteratzeko politika publikoak martxan jartzeko eredu parte hartzaile bat proposatuko du; hor ezarriko da gizartearen inplikazioa noraino heldu beharko litzatekeen.

Xenofobiaren aurka

Eusko Jaurlaritza ez da etorkinen gizarteratzeaz kezkatutako erakunde bakarra. Joan den astean, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako estrategia integrala onartu zuen Espainiako Gobernuak. SOS Arrazakeriaren Espainiako Federazioarentzat, baina, ez da nahikoa. Krisiaren ondorioz etorkinen aurkako iritzi negatiboek gora egin dutela ekarri du gogora taldeak: «Berriki onartutako estrategiak gutxirako balioko du, ekimen sakonagoak martxan jartzen ez badira». 

Espainiako Gorteetarako boztetatik oso hurbil onartu du Ministroen Kontseiluak plana, «presaka, gizarte mugimenduen parte hartzerik gabe». Tratu berdintasuna bultzatzeko eta bazterketa saihesteko legea, aldiz, ez du onartu gobernuak, eta SOS Arrazakeriaren arabera, xenofobiaren aurkako estrategiak dakartzan neurriak garatzeko «ezinbestekoa» izango da lege hori. Beraz, datorren legealdira begira eskari bat egin du taldeak: «Diskriminazio guztien kontrako lege eraginkorra egin dezala gobernuak».

http://paperekoa.berria.info/harian/2011-11-08/015/001/etorkinekiko_konpromisoaren_aldeko_ituna_abian.htm

 

 

 


Logo Gobierno Vasco Logo EDEX  



Icono

¿QUÉ ES?
¿QUIÉNES SOMOS?

PROFESORADO

ALUMNADO
FAMILIA
ACTUALIDAD

 
eBook