Documento sin título
 
 
Es | Eu | En | Fr | twitter  
   
cabecera

 

Noticias
«Etorkinen identifikazioak kontrol sozialerako tresna bihurtu dituzte», Ohiana Barrios. Psikologoa
/ MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Fecha: Noviembre 12, 2011 | Fuente: Berria

«Etorkinen identifikazioak kontrol sozialerako tresna bihurtu dituzte», Ohiana Barrios. Psikologoa

Kutsu arrazista duten polizia gehiegikerien ondorioz, mugatuta eta jazarrita sentitzen dira etorkin asko. Antsietatea ez ezik, porrot sentipena, isolamendua eta depresioa ere eragiten die horrek.

Poliziengandik tratu txarrak jasaten dituzten pertsonekin lan egiten du Ohiana Barrios psikologoak, eta, tartean, etorkinekin. Atzo, gehiegikeria polizial arrazistei buruz Bizkaiko SOS Arrazakeriak antolatutako jardunaldietan adierazi zuen jarrera xenofoboak desagerraraztea «gizarte osoaren» ardura dela, «ez soilik immigranteena». 

Zein gehiegikeria polizial mota jasaten dute etorkinek?

Abusu mota asko daude. Eraso fisiko ugari ikusten dugu: poliziek neurriz kanpo erabiltzen dute indarkeria, edozein gauza kudeatzeko; adibidez, etorkin batek kalean identifikazioa erakusteari uko egiten badio, jipoitu egin dezakete. Andreen kasuan, sexu harremanak eskatzen dizkiete paperen truke, bai poliziek bai administrazioko langileek; horren inguruko bi epai daude, baina salaketak askoz ere gehiago dira.

Zerk bihurtzen ditu gehiegikeria horiek arrazista?

Kolektibo horrekin indarkeriaren erabilera asko areagotzeak. Kale identifikazio arruntetan ikusten da immigranteekin bortizkeria handiagoa erabiltzen dutela eta formak ez dituztela zaintzen: mehatxuak, irainak, arrazarekin lotutako iruzkinak... Euren giza identitatearen eta kulturaren sinboloak edo azalaren kolorea erabiltzen dituzte mehatxatzeko edo indarrez jokatzeko, eta azkenean hori da arrazakeria

Irudi dezake abusu horiek puntualak direla, baina etorkinek bestelako egoerak salatzen dituzte: polizia berberak egoten dira beti gune batzuetan, sarri identifikatzen dituzte, jazarrita sentitzen dira...

Torturaren Prebentziorako Koordinakundearen datuen arabera, Espainiako Estatuan urtean 8.000 lagun identifikatzen dituzte; horien erdiak etorkinak dira, populazioaren %6 bakarrik diren arren. Identifikazioak kontrol sozialerako tresna bihurtu dituzte: berez ez dute ezer lortzen aste batean pertsona bat lautan identifikatuz, baina, azkenean, pertsona hori etengabe alertan egongo da, eta horrek antsietatea eta indefentsioa eragingo dio. Horrelakoen bidez, etorkinek hemendik alde egin dezaten nahi dute.

Testigantzak entzunda, agerikoa da mugimenduak eta bizimodua mugatuak dituztela

Erabat mugatuta dute haien askatasuna, eguneroko bizitza, alor guztietan. Berez, pertsona bat irregulartasun egoeran egoteak berak tratu txarra ekar dezake, bere gizatasuna ere legez kanpoko bihurtzen delako; mehatxatuta sentitzen da, horrek antsietatea eragiten dio... 

Zein ondorio psikologiko dakarkie?

Antsietateaz gain, horrelako egoera batek depresioa ere eragin diezaieke: irudikatzen dute inork ez diela laguntzen, biktimak direla, bakartuta daudela... Migrazio prozesuan, haien bizi-baldintzak hobetzeko eta familiari laguntzeko asmoz datoz, eta hona heltzean konturatzen dira helburu horiek hutsean geratzen direla, errealitatea guztiz bestelakoa delako. Horrek lotsa eta erruduntasuna sentiarazten die familiarekin, proiektua ez betetzeagatik, eta haiekiko harremana murrizten dute. Azkenean, isolatu egiten diraghetto bihurtzeraino. 

Kasu gehienak ez dira salatzen. Zergatik? Zein traba dute etorkinek?

Batetik, asko irregularrak dira, eta kanporatuko dituzten beldur dira, auzia txarto ateratzen bada; ondo aterata ere, identifikatuak dituzte, eta kontrolatuak. Beraz, salaketa jartzea arriskutsutzat dute. Bestetik, zigorgabetasun handia dago: oso gutxitan iristen gara epaiketara, eta are gutxiagotan poliziak zigortzera. Gainera, agenteek ere etorkinak salatzen dituzte autoritateari erresistentzia egiteagatik; hala, etorkinen salaketa faltsutzen da, askotan eragin handiagoa duelako polizienak haienak baino. Horrek guztiak balioa kentzen dio salaketari, etorkinek ikusten dutelako ez duela ezertarako balio. 

Etorkinen aurkako aurreiritzi negatiboak areagotzen ari diren honetan, abusu polizialak legitimatuago daude gizartean?

Azken urteetan atzerapauso ikaragarria eman dugu balioetan, tolerantzian eta giza eskubideen balorazioan, eta horrek isla zuzena du legitimazio horretan, eta zigorgabetasunean. Finean, politikariek gizartearen arabera egiten dituzte arauak: gizartea arrazista bada, arauak ere hala izango dira.

Zerk du eragin handiagoa: erakundeek ezarritako irizpide arrazistek, ala poliziek gizartetik xurgatzen dituzten aurreiritzi xenofoboek?

Elkar elikatzen dute. Arrazismoa administrazioetan dago: Atzerritarren Legea arrazista da, eta horrek markatzen ditu egin beharrekoak. Baina gizartean aurreiritzi asko barneratuta dauzkagu, etsaiaren kategorizazioaren ondorioz: etorkinak gaizkileak direla etengabe esaten badizute, eta bestelako irizpiderik ez baduzu, sinetsi egiten duzu. Denok dugu lana horiek aldatzen.

http://paperekoa.berria.info/euskalherria/2011-11-12/016/001/etorkinen_identifikazioak_kontrol_sozialerako_tresna_bihurtu_dituzte.htm

 

 

 


Logo Gobierno Vasco Logo EDEX  



Icono

¿QUÉ ES?
¿QUIÉNES SOMOS?

PROFESORADO

ALUMNADO
FAMILIA
ACTUALIDAD

 
eBook